XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Natur eta kultur ondarearen ingurugiro ikerketa, interpretazioa eta heziketa sustatzea.

Jarduera Sozioekonomikoak Bateratu eta Garatzeko Programa, Urdaibaiko 5/1989 Legeak ezartzen duenez, sektoreen araberako egitamuen bidez garatuko da. Egitamu horiek ondokoa lortzeko zehaztapenak edukiko dituzte besteak beste: Erreserbako jarduera didaktikoak antolatzea, bisitarien gozamena handitzeko eta euron ingurugiro heziketa sustatzeko.

Bestalde, Urdaibairen kudeaketan gizarte agenteen partehartzea hobetzeko, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Lankidetza Kontseilua sortu zuen otsailaren 14ko 164/1995 Aginduaren bidez.

Kontseilu horren barruan, Urdaibaiko jabe nahiz auzotarren interesak defendatzeko eta natura ikertzeko edo babesteko estatutuak dituzten erakundeak daude; halaber, gizarte, ekonomi eta kultur sektoreen erakunde ordezkariak, euren jarduera Urdaibaien burutzen dutenak alegia, horiek ere Kontseiluaren barruan daude.

Amaitzeko, lehen esan bezala, 1995eko martxoan Biosfera Erreserbei buruzko Nazioarteko Konferentzia egin zen Sevillan, eta bertan garrantzi handiko agiri bi sortu zirelarik: Biosfera Erreserben Munduko Sarearen Estatutuak eta Sevillako Estrategia izeneko Ekintza Egitamu berria.

Bi agiri horiek berretsita gelditu ziren UNESCOren 28. Konferentzia Nagusian (Parisen egin zen, 1995ko urrian eta azaroan).

Estatutuetan adierazten denez, Biosfera Erreserbek Kontserbazioa, Garapena eta Laguntza logistikoa konbinatzen dituzte, eta leku bikainak dira kontserbaziorako eta garapen eutsigarrirako metodoak entseiatu eta frogatzeko eskualdeka.

Gainera, komenigarria izango litzateke agintari eskudunek ingurugiroari eta giza baliabideen garapenari buruzko hezkuntza nahiz gaitasuna sustatzea, Sare barruko beste Biosfera Erreserba batzuekin lankidetzan.

Bestalde, Sevillako Estrategiak bere III. Helburu Nagusian dioenez, beharrezkoa da Biosfera Erreserbak erabiltzea ikerketarako, behaketa iraunkorrerako, hezkuntzarako eta trebakuntzarako. Horretarako, berriz, ondoko helburu zehatzak proposatzen dira:

- Gizakiaren eta biosferaren arteko elkarrekintzak hobeto ezagutzea.

- Behaketa iraunkorreko jarduketak hobetzea.

- Heziketa, kontzientziazioa eta partaidetza sustatzea.

- Espezialista eta administratzaileen prestakuntza hobetzea.

Konferentzian goiko helburuak gauzatzeko sortu ziren gidalerroen artean, ondokoak aipa daitezke (Sevillako Estrategia berriaren oinarriak dira):

- Ikerketa zientifikoa, behaketa iraunkorra, trebakuntza eta hezkuntza areagotzea Biosfera Erreserbetan.